25
Urt
10

Trikitixa garai berrietara egokitzen

Nork esan zuen trikitixa erromerietan jotzeko musika soilik zela? Nork uste zuen trikitixa panderoarekin soilik lagunduta joan zitekeela? Hau uste zutenek entzun dezatela Gose taldearen izen bereko diskoa; bertan trikitixa inoiz entzun gabeko eran entzuteko aukera ematen baitu. Hirukoa da honako talde arrasatear hau, eta 2004. urtean ekin zioten lanean; urtebete igaro eta diskoa kaleratu dute.

Talde honen aurretik Lin Ton Taunek eta The Solanosek egin dute trikitixarekin proba, eta emaitza ez da batere txarra izan. Hala ere, aipatutako bi talde hauek trikitia rock & roll eta punkarekin uztartzen bazuten, Gosek elektronikarekin egiten du batez ere. Arrasatear hauek egiten duten musika zer den zehaztea zaila bada ere, beren abestietan elektro-jazza, tangoa, sehaska kantu bat, afro-braziliar perkusioak panderoarekin batuta, teknoa, punka, hardkorea eta arin-arinak entzun daitezke. Ikusten den bezala, alor ugari hartzen ditu bere baitan talde honek, eta hori da Gose on egiten duena; halako nahasketa bat ezin baitu edonork egin, eta hauek ederki asko uztartu dituzte alderdi hauek guztiak trikitiaren laguntzarekin. Esperientzia ere badaukate musika munduan: ahots nagusia, trikitixa eta panderoa jotzen dituen Ines Osinaga, Ekon taldean ibili zen koruak egiten, eta programazioez arduratzen diren Iñaki Bengoa eta Tadeos Bad F-Lineeko taldekide ohiak dira.

Musika, nahiz eta orokorrean elektronikoa izan, atsegina egin daiteke edonorentzat, eta Inesen ahots gozoak are atseginago bilakatuko du sentsazio hau. Kolaborazioak ere izan ditu disko honek, eta luxuzkoak gainera; Evaristo (Gatillazo eta La Polla Records), Francis (Doctor Deseo), Juanito Sangre (Ekon), Jimy (Soziedad Alkoholika), Ti2no,  eta Txemak (Bad F-Line) beren laguntza eskaini die arrasatearrei. Azpimarratzekoa iruditzen zait Renato abestian, 80ko hamarkadatik punk musika egiten ari den Evaristoren laguntza; horrelako musika motan entzutea ohituta ez bagaude ere, ederki egiten baitu bere betebeharra, euskaraz abestuz gainera.

Gose gustura entzuteko talde bat da, dantza egiteko edo lasai egoteko; herriko plazan jo dezakete edo edozein taberna edo salatan. Beren aurkezpen kontzertua esaterako, Pitilingorri sex-shopean eman zuten, izan ere, arrasatearren hitzak sexuari buruz mintzo dira, lizunak eta askeak dira.

Talde honek Euskal Herrian trikitixaren gainean zegoen ikuspegia aldarazi egin du, inork ezin pentsa baitzezakeen musika elektronikoa musika herrikoi honekin uztar zitekeenik. Bere garaian ere antzeko zerbait pentsatuko zen Lin Ton Taun taldearen inguruan, baina izan zuen arrakasta kontuan hartuta, Gosek ere beste horrenbeste izan dezake; bere garaian hautsita ematen zuten moldeak hautsi dituztela esan genezake. Molde haustura guztiak halakoak balira, hauts bitez molde oro!

Naturaltasunez sortutako taldea dela ere esan genezake, sexuaren inguruan eta musika atseginarekin. Ekon eta Bad F-Line nahiko elektronikoak baziren, orain bi hauen kideak elkartzean sortutako taldea ere ildo nahiko antzekotik doa, baina nortasun propioarekin.

Euskal Herriko musika panoraman erreferentziatzat hartzeko moduko taldea da honakoa. Jende ugariri entzun diot euskal musikaren egoera gaizki dagoela, baina ez dakite zer dioten ere; sormena badago, eta edozein musika mota euskaraz entzuteko aukera daukagu, eta baita hemen soilik egin daitekeena ere. Horietako bat dugu Gose. Trikiti tradizionala edo musika elektronikoa atsegin duenak ere entzuteko modukoa; bi musika mota hauek oso atseginak ez dituenak ere gustura entzungo lukete, nire kasuan, esate baterako.

Gosek haize freskoa ekarri dio trikitixaren munduari, aurretik aipatutako bi taldek (Lin Ton Taun eta The Solanos) ere ekarri zieten bere garaian, eta orain garai berriei egokitzean era dotorean lortu dute.

25
Urt
10

Abali, azken geltokia

Abalin bada helmuga fisiko gabeko autobus bat. Geldi eta zerbitzurik gabe, Kolestin Garmendiak bertan topatzen du bere askatasuna

Altzagatik gora igota, mendiaren hegal batean kokatzen da Abali auzoa. Bertako paisaia baserri gutxi batzuk osatzen dute. Baserri gutxi batzuk eta autobus zahar batek. Helmugarik gabeko ibilgailua, urte luzeetan zehar leku berean aparkatuta egon da, orain hogei urte inguru Kolestin Garmendia altzagatarrak bere lehenengo autobusa bertan kokatu zuenetik. Ingurua, pentsa litekeenaren aurka, ez da aparkaleku bat, ezta gutxiago ere; autobusaren inguruko belardian parrilla bat, udako egun eguzkitsuetan egoteko mahai bat, baratza, komuna… dauka, bigarren etxebizitza bat hain juxtu. Fonda Haizelekura inguratu, eta kafe bat eskainiz egiten du harrera Kolestinek «etortzen den edonori dago irekita hemengo atea» dio.

Geldirik geratzen ez den horietakoa da Kolestin, Altzagako gatza eta piperra, saltsa guztietan beti presente dagoena. Bere autobusean behin sartuta, isilunerako betarik ez da izan. Telebista piztuta dagoen arren inork ez dio jaramonik egiten. Kontu ezberdinez mintzo bitartean, autobus honen inguruko istorioak uztartzen ditu, ez baitira gutxi. Baina has gaitezen istorioaren hasieratik…
Bi autobus, leku berean
«Urte zehatzez ez naiz oroitzen, baina hogeiren bat urte izango dira lehenengo autobusa hona ekarri nuela» hasten da Kolestin. Garai hartan, autobus gidaria zen, eta oroitzen du nola bazen Seguran beste autobus bat txabola bezala egokituta. Etxabe autobus konpainiak bat ba omen zeukan txatarrerako, eta altzagatarrak Abalira ekarri zuen. Bertan aparkatu, eta sustraiak bota zituen. Ez luzerako, ordea.
Izan ere, egun Abalin geldi ikus dezakegun autobusa ez da hartan ekarritako hura. Goierrialdea, autobus konpainien elkartea sortu zenean, Etxabeko beste autobus bat zaharregia zegoela eta, ez omen zen elkarte berrirako aproposa. Eta oraingoan ere Kolestinek hartu zuen autobus hau. Besteak botata zeuzkan sustraien gainean landatu zuen berria. Hala ere tristura puntu batekin kontatzen digu nola «lehengoa gehiago gustatzen zitzaidan, teilatua sendoagoa zeukan».
Hala ere, autobusaren barneko aldea begiratzen hasi, eta zertan kexatzerik ez du Kolestinek. Sukaldea, konketa, mahaia, autobusa beraren eserlekuak, telebista eta irratia dauzka besteak beste. Kartak ahaztu gabe, noski. Izan ere, autobus honetan karta joko luze eta ugari egin ditu Kolestinek bertan, «makina bat arratsalde pasa egindakoa naiz hemen». Talo janak, lagunekin bazkari zein afariak, iluntze arterako karta jokuak eta tankera honetako planak ugariak dira Fonda Haizelekun. Adibidea jartzeko, elkarrizketa egin diogun bezperan egin berria zuen talo jan bat. «Inoiz 22 lagun bildu izan gara autobus barruan bazkaria egiteko» adierazten du. Hasiera batean kopuru honek exkaxa eman dezake autobus batez mintzo garenean, baina barruko aldeak aspaldi utzi zion autobus izateari.
Baliabide guztiak bertan
Autobus bati bigarren erabilera bat eman dio Kolestinek, baina Fonda Haizelekuko kasua areago joaten da. Ura belarditik ateratzen du, 35 metroko sakonera duen zulo batetik hain zuzen, eta bere autobuseko beharrak asetzeko adina ur lortzen du. Autobusaren behar energetiko guztiak ere beteta dauzka, gaur egun argindarraren sare barruan sartuta baitago.
Baina hori egungo kasua da. Orain ez asko arte Kolestinek bertan sortzen zuen behar zuen energia guztia. Hasieran, errota baten jabe zen, eta energia eolikoa lortzen zuen bertan; egun errotak leku berean jarraitzen du, baina ez du dagoeneko birarik ematen. Energia eolikotik eguzki plaka bat jartzera igaro zen, errotak tiro batzuk jaso baitzituen, eta erabilgarritasuna galdu, oroitzen du tristura puntu batekin. Energia eta ura berak lortzen zuen, Abalin uharte propio bat izatera iritsi arte.
Gogobetez eta daukanarekin asebeteta, gustura erakusten ditu Kolestinek bere askatasun pertsonala topatzen duen inguruko txoko guztiak. Bertan dauzkan objektuetatik gutxi batzuk dira erosi dituenak; berak egindakoa ez baldin bada, erabilgarri ez zeuden gauzei erabilera bat eman dio. Bertan dauka esaterako Altzagako udaletxean zegoen baranda zaharra. «Inoiz dirurik izango banu, hormigoia bota eta, autobusa bertan asentatuko nuke» dio begietan ilusio printzak sumatzen zaizkion bitartean.
Zaldibia eta Ordizia herrien arteko zerbitzua eskaintzen zuen autobusak, aurrealdeko kartelak hori dio, baina urte ugari dira bertatik mugitzen ez dela. Autobusak helmuga fisikorik ez baitauka finkatuta, Kolestinen askatasun pertsonala da bere helburu nagusia.
25
Urt
10

Olagi sagardotegiak asteburu honetan irekiko du txotxa

Sagar urte oparoa eta gero, bertako produktuarekin egin dute aurten sagardoa

Altzaga herrigunean kokatua dagoen Olagi sagardotegiak asteburu honetan emango dio hasiera sagardotegi denboraldiari. Gainerako sagardotegiek, edo gehiengoak bederen, orain bi aste inguru ireki zituzten euren kupelak, baina Jose Antonio Olano beranduago hasi zen sagardoa egiten, eta ondorioz euren denboraldia orain hasiko da. «Sagarrondoak fruitua ematen hasi zirenean, nabaritu nuen sagastian azukre usain gutxiago zegoela, eta horregatik azaroan hasi nintzen sagardoa egiten» dio Jose Antoniok. Izan ere, Olagi sagardotegiko kupeletan dagoen zukua Altzaga bertako sagarrekin eginda dago; herrian sortutakoa, bertan gelditzen da, eta bertan kontsumitzen, ez baitute sagardorik komertzializatzen, «asko jota etxerako botila batzuk betetzen ditugu».
Aurtengoan 15.000 litro inguru sagardo egin du Jose Antoniok, eta emaitzarekin gustora azaldu da «lehorra, eta kolore politekoa» dela zehazten du. «Uda nolakoa izateak ere zerikusia izan du azken emaitzarekin, eta hezea eta eguzki gutxikoa izan denez, azukre gutxiko sagarra izan da aurtengoa». Azukre gutxikoa eta ugaria, gainera. «Ez dakit sagar uztarengatik izango den, baina aurten jendeak sagardotegi gogo gehiago duela esan daiteke, aspalditik hasi zitzaizkigun esaten ea noiz ireki behar genituen kupelak» dio Mari Jose Arregik, Jose Antonioren emazteak.
Ez sagardotegia bakarrik
Sagardoa bertan egiten baldin bada ere, sagardotegia baino gehiago da Altzagakoa. Denboraldi barruan daudenez gero, sagardotegi menua eskainiko dute, baina horretaz gain bestelako menuak ere izango dira bertan. «Gainontzeko sagardotegiak ez bezala, guk urtean zehar ere zerbitzua eskaintzen baitugu: eguneko menuak, plater konbinatuak… eta azkenerako bezero jakin bat lortu dugu. Horregatik, sagardo denboraldian ezin dugu txuleta eta bakailao menua bakarrik eskaini, barietaterako aukera eman nahi diegu bezeroei» dio Mari Josek.
Orain hamairu urte zabaldu zituen Olagi sagardotegiak bere ateak, nahiz eta sagardoa egiten lau urte lehenago hasi zen Jose Antonio. «Sagardoa egiten ikasten ari nintzen hartan, nahiz eta orain ere uneoro ikasten ari naizen. Hala ere orain kontrolatu egiten dut». Olagi ireki zutenetik, Altzagari bizitasuna eman dio sagardotegiak. «Hemen inguruan (Araman zein Altzagan) inongo obrarik ez dagoen arren, egunero langile asko igotzen dira hona bazkaltzeko» azaltzen dute. Eta nahi ala ez, ehun biztanleko herri batean hori nabaritu egiten da.
Orain euren esparrua motz geratu zaie, eta handitze lanak egiteko asmoa daukate. Baina handitze horrek ez du jende gehiagorentzako lekua bermatuko, baizik eta «orain arte etortzen den jendeari erosotasun gehiago emateko balioko du». Bodega handitzeko asmoa daukate, egungo ganbaran, eta bertarako bidean, sagardoa nola egiten den erakutsiko dute.
Handitze horri lotuta, orain ez urte asko sagasti berri bat landatu zuen Jose Antoniok, eta sagardo produkzioa ere handitzeko asmoa dauka, «kalitatea bermatuz, eta produktu natural bat egiten betiere».
23
Abe
09

masterra. uraren zikloa soinuen bidez

azkenean!! lortu dut podbean-en bidez hona audioa bideratzea! erronka ez zen sobera zaila, eta are gutxiago niretzat, klasean neronek igo bainuen hona probetako beste audio bat. baina burua askotan etsai izaten dugu eta…

hona bada hemen masterrean egin behar izan dugun ariketatxo bat. Pista anitzeko edizio eta irrati-era berrituak irakasgairako soinuen bitartez narrazio bat egin behar genuen, inongo narratzaile edo kontakizuna bideratuko zuten zita barik. kasu honetan ura hartu dut gaitzat, eta honats ariketatxo haren emaitza:

__________________________________________________________________________________

audio pistak blog-era igotzen asmatu dudanez emozionatuta, kantu bat igotzea deliberatu det. hemen uzten dizuet ekon taldearen (h)ura kantua. on egin!!

<div>
<object
14
Abe
09

masterra, multimediatasuna oztopo

pista anitzeko edizioa eta irrati era berrituak irakasgairako inongo narratzailerik ez, eta soinuen bitartez bideratutako kontakizun bat egin beharra geneukan. hau amaitzean, podbean webgunean gure grabazioa txertatu eta blog honetan argitaratzeko eskatu ziguten moduloko irakasleek. beno, dagoeneko lanerdietan nago, audioa amaituta baitaukat, baina halere ez dut lortu podbean-eko euskarrian nire lana jasotzea. hori horrela izaki, blog honetan ere ez dut lortu urari buruz egin dudan lau minutuko grabazioa argitaratzea, eta ez iezadazue galdetu zergatik. askotan esan ohi da ordenagailuak tontoak direla eta guk esandakoa besterik ez dutela egiten, baina batzuetan dudatan jartzen dut baieztapen hau. kapritxoso jartzen direnean ez dago eurak donimatzeko aukerarik, edo nik bederen ez dut lortzen. espero dezagun egun hauetan arazotxo hau konponduko zaigula…

14
Abe
09

masterra, twitter zer den

orain bi aste gorka palaziok klasean grabatutako bideoa. bertan twitter sistemari buruzko azalpen labur bat egiten du, eta livestream plataforman guk egindako grabazio bat nola txertatu behar den azaltzeko erabili zuen adibidea.

14
Abe
09

masterra, komunikazioa inkomunikatzen

gaur egun dena komunikazioa dela saltzen diguten honetan, egiari zor esan behar da inkomunikazioak ere bere txoko garrantzitsua daukala. horretarako, honatx fermin muguruzaren inkomunikazioa abestiaren bideo-klipa.

oh.: bideo klip hau jarri aurretik, mikel laboaren komunikazio-inkomunikazio (lekeitio 5) kantua youtuben edo sareko beste edozein txokotan bilatzen aritu naiz, hona ekartzeko baina ez da posible izan. oraindik komunikazio bide hau behar bezala jorratu gabe edukiko dugu sobrare…

14
Abe
09

masterra, bi hilabeteko fetoa

bi hilabete pasatxo dira multimedia komunikazioa master honekin hasi ginenetik, eta hil bat blog hau martxan dagoenetik. bizitasun handirik ez baldin badauka ere, ordutik hona masterrean, hainbat lan, kontu eta anekdota izan ditugu ikaskide zein irakasleen artean.

kontuak kontu eta ixtorioak ixtorio, dagoeneko enborreko irakasgaiak amaitzen ari gara, eta ohartzerako gabonak gainean dauzkagu. urrian hasi ginenetik hona, denbora sobera azkarregi joan dela ere iruditzen zait, asteak bata bestearen atzetik bixi-bixi igaro direla hain zuzen. irakasgai batzuk besteak baino baliagarriagoak izango zaizkigu orain horren gertu ikusten ditugun praktikak burutzeko garaian, baina egindakoa eginda dagoen heinean eta atzera bueltarik ez daukagunez, ikasi edo barneratu duguna eskuzabalik hartu besterik ez dago. master hau haurdunaldi bat bezalakoa dela esan zuen inork, eta oraindik ere erditzeko unea urrun badago ere gure haurraren fetoa hazten doa etengabe. jaioko den seme edo alaba datorren bezalakoa onartu beharko dugu hortaz.

02
Aza
09

Masterra 2.0

EHU eta EITBren elkarkidetzarekin sortu da Multimedia Komunikazioa unibertsitate master berria. Bertan ikasleok teknologia berriekin trebatzeko gai izatera iritsi behar dugu, eta hara non blog bat zabaltzeko eskatu diguten “Multimedia komunikaziorako estrategia linguistikoak” ikasgaian. Lehia antzeko bat proposatu digute bertan, abendura arte blog hauetan idatzi beharko ditugun zortzi post-en ondoren Google bilatzailean MASTERRA hitza sartzean ea noren bitakora topatzen den hasierako postuetan. Elkarren artean interkomunikatuz, link-ak sortuz, tag-ak ezarri post bakoitzari… hainbat dira blog hauetako bat aipatu bilatzailean gero eta gorago azaltzeko bitartekoak.

saiakerak saiakera, ariketa hau amaitzen den artean masterraren inguruko hainbat berri agertuko dira blog honetan zein ikaskideenetan. master honen alor parte hartzaileak bide eman dezala! parte har ezazue masterra 2.o delako honetan!!




2024(e)ko maiatza
A A A A O I I
 12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031